EKUADOR, AZKEN GELTOKIA (ORAINGOZ)
Peruko azken egunak atseginak izan dira.
Jaen hirian, oso hiri polita ez den arren, badago txirrindulariontzat berezia
den tokia: El Ciclista bizikleta denda. Bertako arduraduna, Miguel, tipo oso
jatorra da eta bidaiatzen gabiltzan txirrindulariak primeran zaintzeaz gain mekanika arazoak izanez gero ere paregabeko laguntza eskaintzen du. Oasi bat
herrialde honetan.
Jaendik sartu bezala irten gara arroz soroen artean. Ziztu bizian eraiten
dituzte arroz sortak.
Perun askotan ikusi ditugu errekak
gurutzatzeko erabiltzen dituzten oroya izeneko sistemak, kable batetik zintzilik doan plataforma.
Orain arte ikusi gabe geneukana oroya kolektiboa zen.
Perun gure azken gaua Tomaque herrixkan
eman dugu Victoria eta Juanen etxean. Beroak gogor jo du eta oso nekatuta
iritsi gara. Segituan ireki dizkigute ateak, dutxa eskaini, limoi-ura, afaria…
kafea landatzen dute eta beraiekin batera ale berdeak banatzen ibili gara.
Modu bikaina izan da Peru agurtzeko. Hori
bai, bada Perun egitera ausartu ez garen gauza bat. Oso ohikoa da perutar
etxeetako sukaldeetan cuy animaliatxoak alde batetik bestera topatzea. Bertan hazten dituzte
gero sutan prestatu eta jateko.
Duela 7.000 urte jada hazi eta jaten zituzten inguru hauetan. Hain jaki zaharra
izanagatik, guri, animaliatxo hauek, pena dezente ematen digute eta ez dugu
jateko adorerik izan.
Peru eta Ekuadorren arteko muga La Balsa
herrixkan zeharkatu dugu eta Ekuadorren sartzearekin batera, penaz, agur esan
diogu asfalto leunari.
Sarrera benetan bortitza da Ekuadorrekoa:
asfaltoa bukatzearekin batera infernuko desnibela duten maldak hasi eta
bizikletak bultzatu beharrean gaude, ingurunea berde distiratsuz margoturiko
oihanez janzten da eta laino itxiak guztia estaltzen du. Ez dago zalantzarik,
herrialdez aldatu dugu.
Horrelako bideetan ezin da autobusik ibili
bertako biztanleak alde batetik bestera eramateko, hortaz, kamioiak eraldatu
eta kamioi-autobus bihurtzen dituzte. Hauek bai edozein tokitatik ibil
daitezke.
Ohian itxia inguruan
eta laino artean galtzen dira jarraitu
beharreko bide zein erreka.
Horrelako paisaia berdeak, noski, ur asko behar du eta egun euritsurik ez zaigu
falta. Valladolid herrira mela-mela eginda iritsi gara eta eskolan eman dugu
gaua. Goizean, berriz ere euritan, martxan jartzera goazela ezusteko zulatua
agertu da Ainhoaren gurpilean.
Honek irteera atzeratu du baina baita opari
ederra ekarri ere. Bat-batean, bidean, lau txirrindulari: Aritz eta Esti
gasteiztarrak eta Sonia eta Fernado argentinarrak! Pelotoira gehitu eta seikote
bihurtu gara. Euritan jo dugu seiak eguneko mendaterantz. Euria goitik behera egun
osoan zehar, busti bustiak, lagunen konpainian askoz errazagoak dira horrelako
egun gogorrak.
Eta eguna bukatzeko, Yangana herriko eskolan,
Fernandok sukaldeko gidaritza hartu du oilaskoa saltsan prestatzeko. Jatetxerik
onenean ez dute horrelako gutiziarik prestatzen.
Hurrengo goizean, ateri, askoz alaiago
hasi du eguna pelotoiak.
Vilcabamba herri berezian egin dugu
hamaiketakoa. Diotenez, herri honetan, ohikoa baino gehiago bizi da jendea eta
ospe horrek erakarrita USAko zahar asko bertaratu da bizitzera. Tontakeria
horren harira gurrutxurtu eta hippy-berri koadrila zabala ere bildu da.
Ekuadorreko herrietako elizak Perukoak
baino berriagoak eta koloretsuagoak dira.
Loja hirira elkarrekin iritsi da taldea.
Hiriaren sarreran gaua pasa eta bakoitzak bere bidea hartu du: argentinarrak
hirira doaz atseden hartzera, Estik eta
Aritzek, abentura egarri, Zamora hirira doan bidea hartu dute oihaneko bidetik
sartzeko eta gu biok, maldaz malda, Cuenca hirirako bideari ekin diogu.
Loja behealdean geratzen doa lainoz
estalia eta behiak larre berdeak apaintzen dituzte.
Behia baino, Ekuadorren, txerria dute
gustukoago. Emakume hau bezala, sopletea eskuan, txerria oso osorik xigortzen
topatu dugu bat baino gehiago.
Lojatik Cuenca hirira Panamericana
errepide nagusitik goaz. Errepide ona da, hori bai, maldan gora eta behera gure
hankan geroz eta gogorrago daude. Okerrena, halere, ekuadortar gidariak dira,
gure gusturako azkarregi gidatzen dute.
Hirira sartu aurretik Cuencatik oso gertu
dagoen Tarqui herrian gaua ematea pentsatu dugu. Ezusteko galanta hartu dugu herria
jaietan jendez gainezka topatu dugunean. Plazan dantza tradizionalak
eta inguruan cuyak jateko erretzen. Perun atzean
utzi genituela uste bagenuen ere Ekuadorreko inguru honetan ere oso janari
ezaguna da.
Euskal Herriko jaietan bezala hemen ere ez
da dantzaldirik falta. Mezarako ardo botilatik tragoxka batzuk edan, bestelako
pattarrak dastatu eta ondo berotuta bagoaz dantzara!
Dantzan ibili ostean, herriko apaiz
jatorrak, Angel Morochok, apaiz-etxean utzitako gelara goaz atseden hartzera.
Hurrengo egunean bazkaltzeko gonbitea
luzatu digu apezak, hori bai, lehenago elizak duen lursailera joan behar izan
dugu patatak jasotzera. Andeetako mendietan etengabea izan da patatarekin
izandako harremana. Askotan ikusi dugu patata ereiten, jasotzen, saltzen,
jaten… eta polita izan da harekin zuzenean aritzea. Hori bai, goiz batez jolasa
izan daiteke, baina eguneroko lana denean… Traktoreak lurra altxatzen duen
bitartean gu, atzetik, agerian geratzen doazen patatak jasotzen goaz.
Jasotakoa saskira doa,
saskitik zakura eta zakua autora.
Polita izan da gure eskuekin jasotako
patatak sukaldetik pasa ostean zuzenean platerean ikustea.
Antonio ere, Ekuadorreko kapela zuri
tipikoarekin, gurekin ibili da patatak jasotzen eta eskuinaldean dagoena Angel apaiza da. Bazkari oparoa eskaini digute: patata eta arto egosia, barazki zopa eta
arkume saiheski erreak. Eskerrik asko.
Bazkalostean, tripa ondo beteta, gertu
daukagun Cuencarako bidea egin dugu. Harrituta utzi gaitu Cuenca inguruko baserritarren
bizi-mailak. Etxeak sekulakoak dira. Kontatu digutenez, atzerrian lan egiten
duen milaka ekuadortarrek bidalitako diruarekin eraiki edo berritu dira etxe
gehienak.
Peruko azken hiria Jaen izan zen eta
Ekuadorreko lehenengoa Cuenca. Batzuetan etxetik uste baino gertuago gaudela
dirudi… Cuencan Jose Rosalesek bere etxean gela bat utzi digu eta primeran
datorkigu atseden hartzeko. Atseden egunak, beti bezala, azken egunetako arropa
garbitzeko egunak dira.
Hiriaren erdialdean dugunez gure logela
aukera ederra dugu zonalde historikoa ezagutzeko. Hiri txukuna eta ederra da,
hori bai, erlijioarekin oso lotua. Kolonia garaiko eraikinekin batera katedral
eta elizak ez dira falta.
Merkatuan zur eta lur geratu gara emakume
hauek, eserita dituzten bezeroak belar, ukendu, isurkin eta bestelakoez
baliatuz, nola sendatzen dituzten eta izpiritu eta arima gaiztoak nola uxatzen
dizkieten ikusita. Sinesgaitza.
Katedral berri erraldoia.
Loreen Plazan loreak salgai nahi duzun
santu, santa, amabirjina, beato, aitasantu edo dena delakoari eskaintzeko.
Cuencatik Chimborazo sumendirako norabidea
hartuko dugu. Ea eguraldia lagun dugun.
IBILBIDEA - RUTA
No hay comentarios:
Publicar un comentario